AZOKAK

Azokak aukera paregabea izaten dira hurbiltzen direnek eskolaren ikuspegi zabal bat hartzeko.

Munduko edozein Waldorf eskolatan azoka oso egun berezia izaten da beti, guraso, irakasle, ikasle eta edozein txokotatik hurbildu daitezkeen lagunen topaleku bihurtzen delako.

Alde batetik, gure ikasleek ikasturtean zehar egindako lanen erakusketa pedagogiko bat eskaintzen dugu, ikasleek egindako koadernoak, pinturak, akuarelak, eskulanak, egur-lanketak… familia eta lagunek ikusteko. Aukera paregabea da, beraz, ikasleen lanek Lehen eta Bigarren Hezkuntzako urteetan zehar nola eboluzionatzen duten miresteko.

Bestetik, gelak bisitatu daitezke eta irakasleekin hitz egin, edozein kezka eta galdera argitzeko.  Haur Hezkuntzako gela ere zabalik egoten da, lekua ezagutzeko eta txikitxoenei antzerki txiki bat eskaintzeko.

Bukatzeko, gurasoek eta ikasleek egindako eskulanen postuak ere baditugu, baita liburu-postu bat ere, pedagogiari, medikuntzari, haurrei eta antzeko gaiei buruzko liburuak edo ipuinak erosi nahi dituztenentzat.

Eguna gozatzeko, beti aurkituko dugu posturen bat edo beste gurasoek egindako jaki eta edari gozoak dastatzeko, eta beste guraso edo lagun batzuekin berriketan aritzeko, izan ere, gelako mahai baten edo patata-tortilla eder baten ingurua oso leku aproposa izaten da gutxitan ikusten direnak agurtzeko edo jende berria ezagutzeko.