FAMILIA ESKOLA

Familia-eskola Waldorf eskolen ezaugarrietako bat da. Berebizikoa da gurasoek aktiboki parte hartzea Waldorf eskola batek ondo funtzionatzeko. Beste era batera esanda, Waldorf eskolak sendotu egiten dira haurren heziketa eta garapena eskolaren eta familiaren artean bideratzen denean.

Gaur egun, bai gizarteak eta bai eskolako familiek gero eta gehiago nahi dute heziketari buruzko gaietan sakondu. Bestalde, gure eskolako familiek premia sentitzen dute Waldorf pedagogiaren filosofia eta irizpideak, alegia, neska-mutikoek jasotzen duten pedagogia ezagutzeko. Horregatik, guraso talde batek “Familia Eskola” jarri zuen martxan, hitzaldiak, konferentziak, mahai-inguruak… eskainiz, beren seme-alaben heziketan laguntzeko, heziketa hori baita irakasleak eta gurasoak batzen gaituena.