FAROLAREN FESTA

San Migel pasatu eta gero, udazkeneko korruak, haizea, euria… etortzen dira eta txoriek alde egiten dute leku epelagoetara. Zuhaitzetako hostoek dir-dir egiten dute udazkeneko koloreez jantzita, haizearekin dantzatzen dutela. Urtaroko mahaiak oihal gorri iluna edo marroia jasotzen du eta oihalaren gainean sustraiak, uzkurrak, gaztainak, intxaurrak, hurrak, orbelak, haziak eta iratxoz betetako leize bat agertzen dira. Haurrek izugarri maite dute hur bat edo haziren bat ekartzea, iratxoei jaten emateko. Gero lorategian ere neska-mutikoek leize antzekoak eraikiko dituzte han-hemenka. Farolaren jaia datorrenean, kandelatxo bat piztuko dugu iratxoen leizean, haiek ere beren argia izan dezaten.

Lorategian lan handia izaten dugu udazkenean: landare zimelak garbitu, orbelak jaso, konpost-gunera eraman… Haurrek poz-pozik laguntzen dute.

Azaroaren hasieran, Farolaren festa prestatzen hasten gara. Goizean argi elektrikoa geroxeago pizten dugu, haurrei egunaren iluntasuna bizitzeko aukera emateko. Kristalezko ontziak, jogurt-poteak edo antzekoak kolorezko zetazko paperaz bilduko ditugu, barruan kandelak sartu eta goizean pizteko. Farolaren festa badatorrela esaten digu horrek. Udan opari moduan jaso genituen argia eta berotasuna ekarriko ditugu gogora, Farolaren festara eta abendualdira konfiantzaz hurbiltzeko, helduok barruko argia dugula eta haurrak farolarekin lagunduta.

Egun hauetan haurrei farol bana egiten lagunduko diegu. Festara etorriko diren anai-arreba edo laguntxoei ere egingo diegu.

Farolaren egunean, azaroaren 11ren edo San Martin egunaren ondoren datorren lehen ostiralean, haurrak beren gurasoekin etorriko dira eskolara, kanpoan iluntzen hasten denean. Mahai baten gainean farol guztiak prest egongo dira, bakoitzak berea hartzeko. Kandela finak eta pospolo luzeak ere prest egongo dira, farolak erraz pizteko. Norbait farol guztiak banan-banan pizteaz arduratuko da eta beste bat haurrei farola piztuta emateaz. Maistra han egongo da guztien zain, bere farola piztuta duela. Haurrak prest daudenean, kanpora aterako dira ilaran eta kantuan. Gurasoak ere kantuan joango dira, batzuk ondoan beste batzuk atzean. Kanpoan ilun egongo da eta farolen ilara luzea lasai-lasai joango da kantuan aurrera egiten. Hau poza! Iratxoen etxetxoek ere argiak dituzte piztuta! Ibilbidea bukatutakoan borobil handi bat egin eta kantu bat abestuko dugu agurtzeko.

Haurrek harridura eta poztasun handiz bizi izaten dute jai hau. Gero gurasoekin ere etxean farola pizten jarraitzen dute, lotaratu baino lehen, ipuina kontatzerakoan, abesterakoan…