HEZKUNTZA

Pedagogia honetan haurra da ardatza, haurra eta bere garapen naturala errespetatzea, eta horrekin batera baita garapen horri buruz gogoeta egitea ere, garapenean sortzen zaizkion beharretan ahalik eta ondoen laguntzeko.

Haurra heztearen helburua da bere garapen korporal, psikologiko eta kognitiboaren etapa guztietan autonomiarantz laguntzea, heldua izaten denean gai izan dadin bai ekimena izateko, bai askatasunez aukeratzeko eta bai bere ingurunean modu sortzailean jarduteko. Horregatik, ikaslea da momentu oro curriculumaren ARDATZA.

 “Bizitzan jakitea baino baliotsuagoa da jakitera heltzeko egiten dugun bidea.”

Lehen Waldorf eskola Alemanian sortu zen 1919an, Rudolf Steiner (1861-1925) filosofo eta irakasle austriarrak emandako jarraibideetan oinarrituta, hark prestatu baitzuen irakasle taldea.

Eskola horrek 700dik gora ikasle izan zituen, eta mundu osoan zabaldu zen mugimendu baten aitzindari bilakatu zen. Gaur egun 2.000 eskolatik gora daude kontinente guztietako 60 bat herrialdetan zehar zabalduta.

WALDORF MUNDUAN

Eskola hauek oinarrizko irakaskuntza-ziklo guztiak eskaintzen dituzte: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa. Horrek esan nahi du Waldorf eskolak direla munduan dagoen eskola libreen mugimendurik handiena eta asko UNESCOekin elkartutako Eskolen barruan, gainera.

Eskola librea esaten dugunean Waldorf eskoletara datozen neska-mutikoak askatasunera heltzeko prestatzen ditugula esan nahi dugu, hau da, neska-mutikoek norbanako errespetagarriak izatera heltzeko erremintak jasotzen dituztela.

Rudolf Steiner Austriako Kraljeviç-en (gaur egun Kroazia) jaio zen 1861ean eta Suitzako Dornach-en hil 1925ean. Natur Zientziak, Matematika eta Filosofia ikasi zituen Vienan, eta idazle, erredaktore eta irakasle izan zen Viena, Berlin eta Wiemarren, besteak beste. Azken horretan Goetheren lan zientifikoa editatu zuen. Bere lanean urteekin gero eta gehiago nabari zaio “Zientzia Espirituala” sortzeko premia. Horrela, XX. mendearen hasieran, antroposofia deitu zion zientzia espirituala sortu zuen eta Dornachen (Basileatik gertu) bere jardueretarako zentroa, Goetheanuma.

Antroposofia gizon esan nahi duen “antropos” eta jakinduria esan nahi duen “sofia” hitz grekoetatik dator, eta munduari eta gizakiari buruzko beste irudi bat eskaintzen digu, gure buruaz eta patuaz jakin-mina dugunoi. Lehena izan zen zientzia espiritualaren garapenerako metodologia zientifiko zorrotza aplikatzen.

Rudolf Steinerren ikerketa espiritualaren emaitzek berrikuntzak ekarri dituzte gure bizitzaren sektore askotara: pedagogiara (Waldorf eskolak), medikuntza eta pedagogia sendagarrira, artera (arkitektura, pintura, euritmia eta hitzaren artea), nekazaritzara (metodo biologiko dinamikoa) eta ordena sozialera (gizartearen hiru alderdiko antolamendua).

HEZKUNTZA

Zer behar du umeak hain txikia denean?

Segurtasuna emango dion ingurua, konfiantzan eta familian sentiaraziko diona. Horretarako, kalitatezko zaintza eskaintzen diogu eguneroko erritmoan, jolasean, higienean, jaterakoan, fardela aldatzean… eta baita alaitasuna ere. edozein ekintza egitean: ogia, eskulanak… Horrela eta egunez egun maitasunez lan eginez, atxikimendu segurua sortzen dugu berarengan, eta konfiantzan eta segurtasunean bizitzen eta bere autonomia garatzen laguntzen diogu. Prozesuan ez dira arauak eta mugak falta, horiek ere haurrak behar duen segurtasun horretan laguntzen dutelako.

Geroa Eskolako txikitxoen gelan oso garbi daukagu gurasoengandik aparte eskaintzen den zaintza-denbora honek izugarrizko garrantzia duela adin hauetan. Horregatik, banan banako arreta ematen diegu, beren segurtasun emozionala sendotzeko, eta horrela, beren garapen psikomotorea, emozionala eta hizkuntzarena (ibiltzen, hitz egiten eta pentsatzen ikastearen bidez gauzatzen dena) errazteko, horiek baitira adin honetako garapenaren hiru ardatzak.

Gure ustez, heziketak haurraren osasuna eta garapen orekatua bultzatu behar ditu. Horregatik, garrantzi handia ematen diogu haurra etxean bezala hartu eta zaintzeari, eta bere garapen egokiak behar duen guztia emateari.

“…era guztietako inpresioetara zabalik dagoen organo sentsorial bat da oso-osorik haur txikiaren gorputza. Hau da, haurra izugarri sentikorra da bere hurbileko inguruarekiko. Irribarre batek, maitasun adierazpen batek, hitz gozo batek (berotasun- eta indar-iturri paregabeak guztiak ere), koloreek, formek, gauzen txukuntasunak, inguruko pertsonen pentsamendu positiboek… guztiek moldeatzen dute haurra, alegia, denak ematen dio forma, eta, jakina, baita urduritasunak, ekintza zentzugabeek eta haserrealdiek ere…”

Helmut von Kügelgen

Heldu batek segurtasunez jarduten duenean, horren sustraia edo arrazoia bere lehen zazpi urteetan aurkituko dugu; izan ere, umetan ulermenez eta maitasunez elikatu eta gidatzen diren jarduerak hazi antzekoak dira, gero, etorkizunean alegia, auto-diziplinararako eta ekimenerako gaitasuna ematen dutenak.

Helduok egiten dugun guztiak ‑eta egiten dugunak baino gehiago gure egiteko moduak‑ haurraren borondatean, egiteko gaitasunean, eragiten du, inguruari imitazioaren bidez erantzuten baitio. Horregatik, haurra eskolan dagoenean, bere barruko zein kanpoko jarduera pizten ahalegintzen gara:

  • Inpresio sentsorial osasungarrien bidez
  • Jarduera osasungarrien bidez
  • Ohitura egokiko erritmo osasungarria eskainiz egunero

Haur Hezkuntzako eskolan haurrek, gainera, harremanak egiten ere ikasten dute, alegia, beste haur eta heldu batzuekin elkarbizitzen, eta alderdi hau berebizikoa da bere garapen sozialean. Gelan haurrak beste adin batzuetako haurrekin aritzeko aukera du, familia handi batean egongo balitz bezala, eta hori izugarri aberatsa da.

Sentitzearen edo sentimenaren alderdia lantzeko haurrekin egiten dugun lana artistikoa izaten saiatzen gara: erabiltzen dugun hizkuntza, musika, eskulanak, haurraren ingurua zaintzeko modua… dena da polita eta artistikoa.

Sentimenduak eta baloreak berebizikoak dira gure bizitzan. Horregatik, moralki positiboak diren ezaugarriak landu nahi ditugu haurrengan: auto-estimua, lankidetza, besteekiko eta naturarekiko errespetua, miresmena, begirunea, errukia, konfiantza, edertasuna eta ontasuna esperimentatzeko gaitasuna… Bizitzan zehar sentimendu horiek gero epaitzeko edo baloratzeko gaitasun bihurtzen dira.

Pentsatzeko gaitasunak, bestalde, bizi dugunari zentzua eta ordena emateko aukera ematen digu, bizi duguna beste gauza batzuekin erlazionatzekoa, eta horri esker munduan integratuta sentitu gaitezke. Kontuan izan behar dugu adimena ez dela haurraren burmuinean isolaturik dagoen zerbait, baizik eta bere borondatean antzeman daitekeen ezaugarria, egitearen bidez garatzen den ahalmena delako. Gure helburu pedagogikoa kasu honetan pentsamendu argia eta zehatza sustatzea da eta nola lortu daiteke hori? Zentzua duten jarduerak eginez, ulerterrazak diren sekuentziadunak eta koherentziadunak, helburura daramaten etapa guztiak lotzen dituztenak. Haurrak imitatu egiten ditu lehendabizi eta gero ulertu; beraz, bizipenaren eta egitearen bidez pizten dugu berarengan ulermena edo ulertzeko gaitasuna.

Pentsatzeko gaitasuna lortzeko orduan jolas librea da gure beste ardatzetako bat. Jolas libreak pentsamendu sortzailea garatzen du haurrarengan, mundua eta naturaren legeak deskubritzeko aukera ematen diolako. Jolasaren bitartez haurraren zoriontasuna babestu eta ziurtatzen dugu,  jolasean deskubrimenduak egiteak, objektuekin behin eta berrio saiatzeak, emaitzekin harritzeak zoriontasuna ekartzen baitu. Harridura diogunean, gainera, ez dugu ahaztu behar harridura dela etorkizunean ezagutzarako indarra eta gogoa emango diona.

Pentsamenduarekin jarraituz hizkuntza aipatu behar nahitaez, hizkuntza baita pentsamenduaren tresna. Horregatik, hizketa garbia (ez haurrei moldatua), ondo artikulatua, aberatsa eta bereizgarria erabiltzen dugu, egiatasunez betea eta zuzenekoa. Alderdi hau etxera joan aurretik ipuin bat kontatzearen bidez jorratzen dugu bereziki.

Bada pentsamenduarekin lotutako beste alderdi bat, memoria alegia. Hiru urtetik sei urtera bitartean haurra memoria lokala izatetik memoria erritmikoa izatera pasatzen da eta azken horretatik, denborazkora. Gelan mimo handiz zaintzen ditugu eguneko, asteko, hileko eta urteko erritmoak eta horrek izugarri laguntzen die memoria garatzen; izan ere, erritmo horiek denboraren korrontean kokatzen eta denbora bera egituratzen laguntzen die. Ipuin, errima, kantu eta aho-korapiloek ere izugarri laguntzen dute horren garapenean.

Lehen Hezkuntzan haurra irudimena, sormenerako gaitasuna, garatzen hasten da fantasiaren bidez. Haurrak adin honetan mundua ederra dela sentitu beharra dauka.

Horrekin batera, mundua ulergarria dela sentitu behar du. Mundua modu abstraktuan erakusten badiogu, ez zaio ikasteko grinarik piztuko. Horregatik, landuko den edozein gai modu bizi eta irudimentsuan aurkezten diogu, motibazioa eta interesa pizteko.

Horretarako tresna nagusia egiten den guztia artistikoa izatea da. Artistikoa izan behar da une oro eta lan oro, ez arlo artistikoak bakarrik.

Ez dugu testu-libururik erabiltzen; haurrek liburu antzekoak diren koadernoak sortzen dituzte. Horietan curriculum propioa dugula ikus daiteke, irakaslearen esperientziak une oro aberasten duen curriculuma, baina, era berean, gure Erkidegoko Oinarrizko Ikasketa Planera egokituta eta homologatuta dagoena.

Lehen Hezkuntzako urteetan hizkuntza, matematika eta gizarte eta natur zientzietako oinarrizko ezagutza guztiak helarazten dizkiegu, baita arte-hezkuntza, musika, atzerriko hizkuntza eta ingurumen-hezkuntza ere. Eta horien guztien osagarri irudimena eta sormena aberasten dituzten ekintzak ere bai: poesia errezitatu, marrazketa, pintura, antzerkia, musika, egurra landu…

Izan ere, Waldorf eskoletan gai intelektualez gain, artistikoak eta eskulanetakoak ere sartzen dira programan, gorputz-hezkuntzarekin eta kirolekin batera, gizakiaren hiru alderdi nagusiak, alegia, pentsamendua, sentimendua eta borondatea, harmoniatsuki garatzeko helburuarekin.  Jarduera horietan guztietan neska-mutikoek irakaslearen banan-banako eta afektuzko arreta jasotzen dute. Zergatik? Horixe delako ikasleen motibazioa ziurtatzeko giltza. Era horretara lan eginda, gainera, helduak direnean pentsatzeko eta egoera ezezagunei objektibotasunez aurre egiteko gaitasuna izango dute. Izan ere, artistikoki bideratutako sentimenduarekin bakarrik lortu daiteke pentsamendu bizi eta propioa edukitzea.

12 urtetik 16ra bitarteko adin-tartea hartzen du bigarren hezkuntzak, gaztearen garapenean etapa zinez garrantzitsua, izan ere, eraldakuntza prozesu izugarria bizi du. Alde batetik, barrualderantz norbanakoa dela sentitzen hasten da eta, bestetik, kanpoaldera izaki soziala ere badela sentitzen du.

BIGARREN HEZKUNTZAKO CURRICULUMA

GEROA ESKOLAN, Eusko Jaurlaritzaren Bigarren Hezkuntzako curriculum ofiziala betetzeaz gain, Waldorf pedagogiaren ikuspegitik oso garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk ere lantzen ditugu, heziketaren bidez gizakiaren osotasuna landu nahi dugulako. Horrek esan nahi du balio kognitiboa duten arloekin batera, jarduera artistiko eta praktikoak ere lantzen ditugula, gure ustez horixe delako bidea adin honetako benetako helburua lortzeko, alegia, gaztea heldua izatera heltzen denean gai izatea

Askatasunez pentsatzeko eta iritzi propioa izateko.

• Gizartean egoki moldatzen lagunduko dion oreka emozionala izateko.

• Idealak eta grinak gauzatzen, alegia, bere asmoak betetzen ahalegintzeko.

Beste era batera esanda, ikasle sortzaileak nahi ditugu gizarteratu eta horretarako, egunero gauza berriak sortzeko eskatzen diegu. Sorkuntza-lanik handiena beren liburuak sortzea izaten da. Gure eskolan ikasleek ez dute testulibururik; beraiek sortzen dituzte beren liburuak, egunero lan handia eginez. Horrek, bestalde, irakasleak klasea beti modu berri eta sortzailean prestatzea eskatzen du, zaila baita sortzailea izaten erakustea norbera sortzaile izan gabe. Arteko klase espezifikoetan ez ezik (musika, egur-lanketa, marrazketa…), artea arlo guztietan (matematika, historia, hizkuntzak…) ere aurkituko dugu. Eguna bera ere poesia errezitatuz, txirula joz eta erritmo ariketak eginez hasten dugu, gazteari esnatzen laguntzeko.

Esperientziak erakutsi digu jarduera hauek arlo artistikoan zein arlo intelektualean pizten dutela sormena. Gainera, dagoeneko zientzia bera ere konturatu da mugimenduak, musikak eta poesiak lagundu egiten dutela beste gai hotzago batzuk, dela matematika edo dela filosofia, hobeto ulertzen.

BIGARREN HEZKUNTZAKO METODOLOGIAREN OINARRIAK

Ardatzak diren irakasgaiak periodoka ematen ditugu, hau da, gutxi gorabehera hiru asteko epean egunero goizeko lehen bi orduetan arlo bakarra lantzen dugu. Horrela, askoz errazagoa da ikasleek gaian sakontzea eta interesa ez galtzea. Arlo bakoitza, gainera, aitzakia bat baino ez da nerabeak munduari begira jarri eta perspektiba berriak eskaintzeko.
Arlo zientifikoetarako atea, berriz, esperimentazioa izaten da beti. Ohiko metodo pedagogikoetan normalean lehendabizi legea ematen da eta gero, lege horretatik abiatuta problemak ebaztera jotzen da. Waldorf pedagogian bide fenomenologikoa hartzen da, hau da, ikasleek esperimentatu egiten dute lehenengo eta gero hortik fenomenoen atzean dagoen legea ondorioztatzen. Hainbat dira bide honen onurak, baina bereziki hauxe: beren pentsamenduan konfiantza izaten eta ideia abstraktu eta logikoak ulertzen ikasten dutela.
Horrekin batera, bultzatu egiten ditugu txikiagoak zirenean autoritateak esaten zuelako onartzen zituzten jarrera eta usteei aurre egitera eta euren ikuspuntuak lantzera, baita beharbada gainerakoek mundua beste modu batean ikusten dutenean ere. Beste era batera esanda, gauzak euren kabuz epaitzeko gaitasunaren garapen osasungarria bultzatzen dugu eta, horrekin batera, gelak osatzen duen komunitatean erantzukizun soziala hartzera animatzen ditugu. Izan ere, adin honetan berebizikoa da ikasleek munduko bizilagunak direla eta norbanako modura erantzukizun soziala ere badutela esperimentatzea.

NOLA NEURTZEN DIRA GURE IRAKASKUNTZAREN EMAITZAK?

Gure irakaskuntzaren emaitzak izugarri ederrak dira. Guretzat garrantzitsuena ikasle bakoitzak modu egokian garatzeko behar dituen oinarriak jaso dituela egiaztatzea izaten da. Gure ustez, ikasle bakoitza bakarra da eta berezitasun horretan zerbait berria dakar munduari eskaintzeko. Horregatik, bere gaitasun propio horiei loratzen utzi behar diegula uste dugu, norbanako modura dakarren hori garatzera heldu dadin.
“Gure galdera ez da hau:
gizakiak zer ikasi eta zer ezagutu behar du
ezarrita dugun gizarteari eusteko?
Gure galdera beste hau da:
zer ahalmen dago
eta zer garatu daiteke gizakiarengan?
Hala jokatuta, gazteek indar berriak
eskainiko dizkiote gizarteari.
Hala jokatuta, gizartean beti iraungo du
gizaki integral berriek
gizarteari egiten dioten ekarpenak.
Beraz, gazteekin ez dugu egingo
gizarteak haiekin egin nahi duena”
Rudolf Steiner
Beste emaitzetakoa bat da ikasleak gizartean erabakitasunez integratzen direla ikustea. Waldorf pedagogiak indarra duen herrialdeetan estatistikek diote Waldorf eskoletan hazitako ikasleak emaitza hobeekin pasatzen direla unibertsitatera. Gure eskola gazteak oraindik ez dauka lekurik estatistiketan, baina badakigu hemendik joan diren ikasleak oso ondo integratu direla bai sozialki eta bai akademikoki. Langileak dira, jakin mina dute, gauzen zergatia bilatzen dute, kritikoak ere izan daitezke gustatzen ez zaienarekin, eta batez ere gazte sortzaileak dira, sortzaileak eta beren buruan eta beren iritzian konfiantza dutenak.

GURE HEZKUNTZAREN ETA ETORKIZUNEKO ERRONKAK

Ez dakigu gure gazteek zeri egin beharko dioten aurre etorkizunean. Hori da garbi daukagun gauza bakarra. Beraz, gure zeregina da gazteei imajinatu ere ezin ditugun egoerei aurre egiteko gaitasuna ematea, ez baita nahikoa eduki jakin bat errepikatzeko prestatzea, zerbait gehiago behar dugu.

Horregatik, gure helburua da gure ikasleek bizitzarako funtsezkoak diren era guztietako trebetasunak eta inteligentziak eskuratzea: munduarekiko interesa eta erantzukizuna, ondo egindako lanarekiko pertseberantzia, iritzi propio eta independentea, jendaurrean hitz egiteko gaitasuna, enpatia eta taldean lan egiten jakitea…

Laburbilduta, ikasleen kontzientzia indibidual eta soziala pizten lagundu nahi dugu, norbanako aske bezala duten esentzia galdu gabe gizarteratu daitezen. Gure heziketa askatasunera daraman heziketa da

HIRU ATALEKO ANTOLAMENDUA

Gizakiaren ezaugarria hiru atalez artikulaturik egotea da: buruan Pentsatzeko gaitasuna daukagu, Sistema Neurosentsorialaren bidez; enborrean bihotza eta birikiak ditugu, Sistema Erritmikoa osatuz eta Sentitzeko gaitasuna emanez; eta azkenik, Sistema Metabolikoan eta gorputz-adarretan (eskuak eta oinak) Egiteko gaitasuna daukagu.

Pentsatu, Sentitu eta Egiteko hiru gaitasun horien arteko erlazioa osasuntsua bada, haurraren garapena osasuntsua eta orekatua izango da.

Waldorf pedagogiaren sortzaile Rudolf Steiner doktorearen esanetan, “Gizakiaren” hiru ataleko irudi hau erakunde sozialei ere aplikatzen badiegu, erakundeen funtzionamendu harmoniatsua lortu dezakegu.

Horregatik, gure Geroa Eskola Gizakiaren hiru ataleko irudi horren arabera diseinatu dugu eta, beraz, Eskolaren antolamendua ere hiru ataletan banatuta dago.

HIZKUNTZA TRATAMENDUA

Hezkuntza elebidunaren aldeko apustua egiten dugu, euskaraz nahiz gaztelaniaz lan eginez, eta eredutzat bi hizkuntzetan gaitasuna duten irakasleak eskainiz.

Gure ustez, ezinbestekoa da lehendabizi haurraren ama hizkuntza egoki garatzea, haurra hizkuntza baten benetako balioaz jabetu behar delako lehenengo, gero beste batzuk ikasi ahal izateko. Horregatik, haurrak askatasuna behar du bere hizkuntzan hitz egiteko eta bere hizkuntza bere izate osoarekin garatzeko.

Hori dela eta, Haur Hezkuntzan haur bakoitzari bere ama hizkuntzan hitz egiten diogu. Haurrak bere izate osoarekin ikasten duenez, laster ikasiko du beste hizkuntza, dela imitazioz dela belarriz.

9 urte egin arte (Lehen Hezkuntzako 2. Zikloa), haurrak hizkuntza bat bere izate osoarekin ikas dezake, hau da, kontzeptu intelektualik gabe. Horregatik, garrantzitsua da hirugarren edota laugarren hizkuntza bat adin hori baino lehen ikasten hastea.

Lehen Hezkuntzan, haur bakoitzaren maila hartzen dugu kontuan, bi hizkuntzetako gaitasunak maila horretatik abiatuta garatzeko. Arloak beraz, hizkuntza batean zein bestean ematen ditugu, taldearen ezaugarrien arabera, eta beti ere kontuan hartuta azken helburua haurrak bi hizkuntzak menperatzera heltzea dela.