HIZKUNTZA TRATAERA

Hezkuntza elebidunaren aldeko apustua egiten dugu, euskaraz nahiz gaztelaniaz lan eginez, eta eredutzat bi hizkuntzetan gaitasuna duten irakasleak eskainiz.

Gure ustez, ezinbestekoa da lehendabizi haurraren ama hizkuntza egoki garatzea, haurra hizkuntza baten benetako balioaz jabetu behar delako lehenengo, gero beste batzuk ikasi ahal izateko. Horregatik, haurrak askatasuna behar du bere hizkuntzan hitz egiteko eta bere hizkuntza bere izate osoarekin garatzeko.

Hori dela eta, Haur Hezkuntzan haur bakoitzari bere ama hizkuntzan hitz egiten diogu. Haurrak bere izate osoarekin ikasten duenez, laster ikasiko du beste hizkuntza, dela imitazioz dela belarriz.

9 urte egin arte (Lehen Hezkuntzako 2. Zikloa), haurrak hizkuntza bat bere izate osoarekin ikas dezake, hau da, kontzeptu intelektualik gabe. Horregatik, garrantzitsua da hirugarren edota laugarren hizkuntza bat adin hori baino lehen ikasten hastea.

Lehen Hezkuntzan, haur bakoitzaren maila hartzen dugu kontuan, bi hizkuntzetako gaitasunak maila horretatik abiatuta garatzeko. Arloak beraz, hizkuntza batean zein bestean ematen ditugu, taldearen ezaugarrien arabera, eta beti ere kontuan hartuta azken helburua haurrak bi hizkuntzak menperatzera heltzea dela.