15 Ots IBILALDIA IZARRATIK GOIURIKO UR JAUZIRA

Eguna: Otsailak 15 (larunbata)

Geratzeko ordua eta lekua:  10:00etan Lakuako karabana-aparkalekuan edo 10:30etan Izarrako Ostuño parkeko aparkalekuan.

Deskribapena: urtarrilerako, Goiuriko ur-jauzia ezagutzea pentsatu dugu. Izarrako Ostuño parketik aterata oso ibilaldi laburra da, baina benetan merezi duena. Gainera, Ostuñoko parkean haurrek jolasteko aukera izan dezakete eta, eguraldi ona egiten badu, bazkaltzen ere gera gaitezke, mahaiak eta erretegiak ere badaudelako. Momentuz egun erdiko irteera izango da, 10:30etatik 12:30etara bitartekoa gutxi gorabehera.

Autoa Izarran utziko dugu, Ostuñoko parkeko aparkalekuan. Bertatik errekari jarraitzen dion bidexka bat ateratzen da, Goiuriko ur-jauziraino eramaten duena.

Esaten dutenez, leku honetan, Goiurin alegia, lamia eder bat bizi zen, ispilu magiko bat zuena. Ispiluak eskatzen zion guztia ematen omen zion eta hari begira ematen zuen eguna.

Behin, inguruko artzain batek lapurtu egin omen zion ispilua lamiari eta honek, ispilua galdu zuelakoan, Goiuriko bazter guztietan begiratzeari ekin zion, erabat nahigabeturik.

Egun batzuk bila aritu eta gero, herrira joan zen ispiluaz galdetzera, baina alferrik. Halako batean, bere ispilu magikoaren distira ikusi zuen baserri batean eta lapurtutakoa itzuliz gero sari ederra emango ziola agindu zion lapurrari.

Tratua egin eta ispilua mendiaren goialdian entregatzeko geratu ziren, ur apur bat ateratzen zen leku batean. Entregatzeko momentuan, baina, lamiak ur-jauzi bihurtu zuen artzaina, eskarmentu modura.   

Izena emateko: Estitxu Pérez (estiperezlamelas@live.com)