WALDORF PEDAGOGIAREN OINARRIAK

Waldorf pedagogia eskaintzen duten ikastetxeak era askotakoak dira, sostenguari dagokionez: batzuk pribatuak dira, beste batzuk homologatuak eta badaude publikoak ere (Suedia, AEB, Finlandia eta Suitzan, besteak beste). Europako eta beste kontinente batzuetako herrialde askotan beraz, diruz lagunduta daude????. Gure eskola Eusko Jaurlaritzak homologatuta dago eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen duen curriculum ofiziala betetzen du. Baina Waldorf pedagogiaren barruan garrantzitsuak diren alderdiak ere lantzen ditu, hala nola, alderdi artistikoak eta praktikoak, gizakiaren prestakuntza osoa lortu nahi baitugu.

Halere, Waldorf eskola guztiek proiektu pedagogiko berbera dute eta badira 3 zutabe eskola guztietan berdinak direnak:

  • Haur eta gazte bakoitzarekiko errespetua, bere berariazko garapenean
  • Irakasle-klaustroaren talde-lana
  • Eskolaren eta familiaren arteko lankidetza iraunkorra

Gainera, Waldorf eskola ugari UNESCOrekin elkartutako Munduko Eskolen Sarean daude, beren hezkuntza-proiektuek printzipio unibertsalak barne hartzen dituztelako, hala nola: ideal demokratikoak, bakerako hezkuntza, kultur aniztasuna eta era guztietako herrialdeetako eskolen arteko elkartasuna.

Waldorf pedagogiak eskola-komunitateko sektore guztiak biltzen ditu ikasketa-prozesuak bideratzerakoan:

Ikasle bakoitzaren heltze-prozesuaren ikerkuntza: bere talentu eta berezitasunak aurkitzeko eta beharrezkoak izan daitezkeen hezkuntza-indartze eta laguntzak bideratzeko.

Irakasleen etengabeko prestakuntza: asteroko klaustro pedagogikoak, mintegiak, lan-taldeak, sailka bideratutako ikerketak… Asteroko bileretan, irakasleen klaustroak sakon aztertu nahi izaten du bere jarduna, profesionalki etengabe prestatu eta berrituta egoteko helburuarekin.

Guraso eskola aktiboa: bilera pedagogikoak, ikerketa-taldeak, jarduera artistikoak eta tailerrak, etxea-eskola binomioa koordinatzeko eta irakasleen eta familiaren arteko harremana lantzeko, izugarri garrantzitsua baita ikasleen hezkuntza-prozesuan.